Zure Bloga kudeatu

Sortu zure Bloga orain!

Etxekotasunak

29/01/2010 GMT 1

8

burutazioak @ 15:20

Makilatxoak
Paper zatiak
Eskolan erabili gabeko gometsak
Puskatutako borragomak
Arkatz txiki-txikiak
Margoren bat...
horiek nire poltsikoetako altxorrak

Kinderreko panpina
Panpina horiek montatzeko paperak
Mukizapiak
erabilitakoak
gabeak
Kinderraren barruko plastikozko arrautzak
Medikuari lapurtutako makilak
Marrazkiak
Eskulanak
Margoak
Txutxeriak
horiek, besteak beste, nire poltsako altxorrak

nire altxorrek uzten dizkidaten altxorrak

22/11/2009 GMT 1

7

burutazioak @ 22:38

Disfrazatu eta Antzeztu

Gizarteko harremanetan funtsezko elementuak dira goiko horiek.
Gizarteko azaleko harremanetan gehien erabiltzen ditudan elementuak dira.
"Sonrisa social" armairuaren txoko bateko tiraderatik atera eta pasiatzera ateratzen dudanekoak.
Disfrazatzen zara, sonrisa social janzten duzu eta antzeztu egiten duzu.
Batzuetan aurrez buruan zenuen gidoiaren arabera.
Besteetan inprobisazioa erabiltzen duzu.

Baina etxeko epeltasunean disfraza urtu egiten da, irribarrea desagertu batzuetan eta antzezteari uzten diozu. Kareta kentzen duzu eta zeu izaten zara, zorionez edo zoritxarrez.

17/11/2009 GMT 1

6

burutazioak @ 06:51

Bost ahizpa
Lau seme-alabaren ama
Zazpi seme-alabaren ama
Erdi-ezezagun batekin ezkontzera Argentinara joan zena
Argentinara joan zenaren ama
Munduko kroketarik onenak egiten dituena
Beti alai zegoena
GR-ak maite dituena
Ahots epel batzuk
Bi printzesa-sorgin
...
eta beste emakume anonimo asko:
nire jainkosak.

12/11/2009 GMT 1

5

burutazioak @ 09:16

Bizitzako andamioak gogortzea ahazten zaigu gau batzuetan
oheratu aurretik

Hurrengo goizean jeikitakoan
kolokan
izaten dugu ingurua

eta barneko haize zakarrak jotzen zaitu aurpegian.

11/11/2009 GMT 1

4

burutazioak @ 19:00

Etxeko lanen zamak bizkarreko mina egiten dit
Motxila arrastaka daramat
Agendako oharrak begi-ninietan iltzatuta ditut
eta nekea gailendu zaio ardurari.

Ia arrastaka eraman behar izaten duzu umea mahaira
idatzi dezan,
irakurri dezan,
matematika egin dezan...
eta etxeko lanak amaituko zaizkion egunarekin egiten duzu amets.
Egun horretan bizkarreko mina
beste zama batzuek egingo dizutela ohartzen zaren arren.

10/11/2009 GMT 1

3

burutazioak @ 15:58

Leihoetako kristalen lurrunak babesten nau kanpoko hotzetik eta euritik.
Goxo egoten da etxean, haize zakarrak ez du zure aurpegia kolpatzen,
epeltasunak laztantzen zaitu.

...

08/11/2009 GMT 1

2

burutazioak @ 18:03

Larunbatetan iratzargailuaren txirrina zorrotzagoa izaten da, burmuinean barnerago sartzen da eta min handiagoa egiten dizu.
Larunbatetan izarak astunagoak izaten dira, zure gainetik kentzea gehiago kostatzen zaizu eta pijama ere zure larruari itsatsita egoten dela dirudi.
Dutxako ura hotzagoa izaten da, xaboiak usain gutxiago izaten du eta txanpuak gehiago erretzen ditu begiak.
Kafesneak ez zaitu gainerako egunetan adina espabilatzen eta hotza hotzagoa izaten da, euria bustiagoa eta haizea zakarragoa.
Trafiko gutxiago egon arren, bihurguneak estuagoak izaten dira eta asteari egun bat jan diozun sentsasioa izaten duzu eztarriko zulotik behera pasa ezinda.
Larunbatak ez dira goiz jaikitzeko eta presaka ibiltzeko egindakoak, larunbatak ez ziren horretarako asmatu. Larunbatetan ere atseden hartu beharko genuke, igandeko atsedenerako prestatzeko.

07/11/2009 GMT 1

1

burutazioak @ 14:03

Jaiki eta dutxatu. Ondo lehortu gabe gosaria irentsi eta erdi-lehortuta zaudela jantzi.
Umeak esnatu, oihuka gosaldu, aginduak eman, arropak eta motxilak atondu.
Giltzak hartu, autoa atera, umeak sartu eta lotu. Musika jarri, lasaitzen hasi.
Ataskoa, udaltzaingoa, zebrabidea, aparkatzeko tokia.
Eskolara korrika, euria bada putzuak saihestu, balkoien azpitik joaten saiatu gutxiago bustitzeko.
Lanean estresatu eta aspertu. Nazkatu eta poztu. Negar egin eta alaitu. Bazkaria antolatu lagunekin eta blogen bat irakurri.
Umeen bila eskolara, korrika bazkaltzera joan eta ahalik eta liskarrik gutxien izaten saiatu. Berdurak jaten erakutsi umeei eta lentejak eta garbantzuak. Fruta jan.
Eskolako lana egin eta eskolara itzuli.
Lanean jarraitu eta mereienda prestatu.
Hartu umea eskolatik eta entrenamendura joan edo parkera edo...
Etxera itzuli, etxeko lanak egin, bainatu, afaldu, lotaratu, irakurri, egon, isiltasunaz gozatu...
labadora jarri, arropak atera, zintzilikatu, oinetakoei begiratu, arropa batzuk antolatu eta...
ohera joan, etzan, tapa-tapa egin eta argia itzali.
Lo.

.

burutazioak @ 08:08

Etxea:
Sartu orduko gauzak uzten hasten zaren tokia.
Usain ezagunez beterikoa. Usaintzen ez dituzun usainez betea.
Giltzak uzteko tokia.
Gabardina zintzilikatzekoa.
Aterkia uztekoa.
Etxeko oinetakoak jazteko tokia.
Arropa erosoak jantzi eta nahi bezala orraztekoa.
Zure lurrinak, xaboiak, esponjak...
Zure izarak, ohea, bururkoa...
Hortzak lasai garbitzeko tokia.
Hortzetako eskuila eta pasta dituzun tokia.
Goxo egotekoa.
Etxea. Lasai sentiarazten zaituzten lau pareta.

Artxiboa | Sortu zure Bloga orain!